Urtero bezala, Urrian hasiko dira Irunen Landetxa Xake Eskolako klaseak, Bidasoladeko ikasle txiki guztiei zabalduak.
Julio Garcia Cabero izango dugu irakasle, Hondarribia-Marlaxka taldeko xakelariak laguntzaile izango dituelarik, eta beti bezala ostiraletan Landetxako Auzo Elkartearen liburutegian emango dira. Eskerrik asko bihotzez, auzo elkarteari, Irunen umeek xakean jarduteko leku polit hau urtero bezala bermatzeagatik!.
Gaur goizean, 2011ko irailaren 4an, igandea, Hondarribiko Gaztelua I. Xake Aktibo Txapelketa burutu da Hondarribiko Paradoreko tapizen gela ikusgarrian. Euskal Herriko paraje ezberdinetatik etorritako 50 xakelari lehian aritu dira, goizeko 9:30etik hasita arratsaldeko 14:30era arte. Jokalari bakoitzak, 6 partida jokatu ditu, suitzar sisteman, partidako 20 minutu zituela.
Epaile lanetan luxuzko taldea izan dugu Juanjo Escribano (Nazioarteko mailako FIDE Epailea) entzutetsuak, Enrike Oiartzabal (Nazioarteko mailako FIDE Epailea) eta Javier Oyarzabal lagun izan baititu. Bidasoa eta Donostialdeako jokalari ezagunak bertaratu bazaizkigu ere, Gipuzkoako beste parajeetako jokalariak hurbildu zaizkigu eta Euskal Herriko txoko ezberdinetako jokalariak Hondarribian izan dira ere. Txapelketaren maila handia izan da, antolatzaileek itxaroten zutena baino handiagoa, tituludun Nazioarteko Maisu bat eta bi FIDE maisu izateraino.
Hiru hauek lortu dituzte Txomin Sagarzazu Kultura eta Kirol zinegotziak banatutako sari handienak: Nafarroatik etorritako Mikel Huerga Nazioarteko Maisuak irabazlearen garaikurra eta 120 €tako dirusaria lortu ditu, (6tik 5,5 puntu lortuz); Carlos Cruz Lopez Irundar FIDE Maisuak 2. postuko garaikurra eta 75 €ak (6tik 5,5 puntu lortuz) eta, Juan Ignacio Alonso “Pibe” Hondarribiar FIDE Maisuak, 3. Postuko garaikurra eta 50 €ak etxera eraman ditu (6tik 5 puntu lortuz). 16 urte azpiko jokalari onenaren garaikurra, Aizbeltz Buiza Prieto urteko mutil bizkaitarrak irabazi du 6tik 4 puntu lortu dituelako; eta 1701 ELO azpiko sari berezia mutil honen 12 urteko arreba Eihartzek eraman du etxera. 60 urtetik goragoko jokalari honenaren saria Jose Manuel Martinez de Soriak lortu du.
Hondarribia-Marlaxka Xake Klubeko 9 lagun parte hartu dute jokalarien artean Nabar Tejedorrek lan txukunena egin du, sailkapen nagusiko 22 postua, baina saririk lortzerik ez du izan.
Mezu honen bidez gure elkarteak interneten sortu berria duen marlaxkaxake.com, web orria aurkeztu nahi dut. Web gune honen helburua gure barne kudeaketa hobetzea da, eta horrekin batera gure asmoa hainbat pertsonak Bidasoaldeako eskualdean egin duten lana azaleratzea da, hain zuzen ere hain berezia den kirol hau sustatzeko egindako lana eskertuz.
Has gaitezen, bada, gure historia goraipatuz, bertatik jokalari ospetsuak igaro baitira: Felix Izeta Txabarri, Patxi Gallego Eraso, Julia Gallego Eraso, Leontxo Garcia Olasagasti, Juan Ignacio Alonso Arburua, Patrice Etchegaray, Ricardo Bastida Rementeria, Ruperto Olaso Sorzabalbere, eta gogoratzen joango garen beste zenbait. Izan ere Euskadiko Txapelketako Taldekako saioko lehenbiziko garaileak gara; Hona hemen emaitzak:
94-95 Euskadiko IX. Taldekako Txapelketa. Marlaxka (Hondarribia) 93-94 Euskadiko VIII. Taldekako Txapelketa. Marlaxka (Hondarribia) 92-93 Euskadiko VII. Taldekako Txapelketa. Peña Rey Ardid (Bilbo) 91-92 Euskadiko VI. Taldekako Txapelketa. Fomento Cultural (Errenteria) 90-91 Euskadiko V. Taldekako Txapelketa. Marlaxka (Hondarribia) 89-90 Euskadiko VI. Taldekako Txapelketa. Marlaxka (Hondarribia) 88-89 Euskadiko III. Taldekako Txapelketa. Fomento Cultural (Erenteria) 87-88 Euskadiko II. Taldekako Txapelketa. Marlaxka (Hondarribia) 86-87 Euskadiko I. Taldekako Txapelketa. Marlaxka (Hondarribia)
Gure elkarteko egungo eta kide ohi guztien lana gogorarazi eta xakea gure eskualdean agerrarazi nahi genuke honen bidez. Horretarako, Zuen laguntza ezinbestekoa zaigu.