Gipuzkoako taldekako gorengoen eta lehen mailako zortzigarren jardunaldia jokatu da gaur eta play offetako lehen jardunaldia. Gorengoen mailako taldeak etxean Donostiako Fortuna ‘A’ taldearen aurka lehiatu behar zuen, baina aurkariak etorri ez direnez, 4-0 irabazi dute. Lehenengo mailakoek ere etxean jokatu dute Mekatar Elgoibarren kontra eta 2,5-1,5 amaitu ondoren garaipena eskuratu dute. Hondarribia-Marlaxka ‘C’ taldeak 2. maila mantentzeko play offean Donostiako Gros taldearen egoitzan Añorgaren kontra aritu dira eta 1,5-2,5 irabazi dute. Eguneko emaitzarik kaxkarrena 2. mailara igotzeko play offean Marlaxka ‘D’ taldeak lortu du, etxean Santikutz-Legazpi B-ren kontra egin duen partida 1,5-2,5 galdu egin duelarik.
Jardunaldi honetan gorengo mailako taldeak puntu bat murriztu dio lehena den Urnietari eta sailkapeneko bigarren postuan doa bakarrik, hirugarrenetik 1 puntura. Lehenengo mailako taldeak lortutako garaipenarekin bere mailako sailkapeneko erdialdean duen bosgarren postua sendotzen du. Bigarren mailako taldeak mantentze play offean garaipena lortu eta gero, hirugarren postura igo da, jaitsiera postuetatik urrun. Eta gure hirugarren mailako taldeak gaur galdu eta gero, bosgarren da, bigarren mailara igotzeko eskubidea ematen duten postuetatik urrundu delarik.