Aurtengo ekainaren 8an eta 9an Erdi Aroko Azokaren beste edizio berri bat ospatu da Hondarribian eta 22. aldiz, urtero bezala, gure klubak aldibereko partidak eta xake animazioak antolatu ditu goiz eta arratsaldez.
2019ko Erdi Aroko Azokako egitaraua
Hondarribiko Udaleko Turismo Sailak antolaturiko ekimen hau herriko Alde Zaharrean burutu da, eta gure taldeko ordezkariak, ohitura jarraituz, Kasino Zaharreko lorategian kokatu dira. Bertan xakeaz gain, arku tiroketa, zaldi eta ponietan ibiltzea, hegazti harrapariak, Erdi Aroko kanpamendu militar bat bisitatu eta bertan antxinako eskrima erakustaldia ikusi, eta beste gauza asko egiteko parada izan da, Arma Plaza, Gipuzkoa Plaza, Apezpiku Plaza, Bretxa, Harategi kalea eta Denda kalean zeuden postu ugariak egoki osatuz.
Ander Uranga, Ander Tafall, Patxi Moreno, Ramon Nogues, Fernando Garcia, Mikel Tafall, Pablo Conde, Andoni Orube eta Carlos Pascual taldeko jokalariek, Tikitafallak, Muñoztarrak, Condetarrak, Asier Cuesta eta Goio Uriarte laguntzaile moduan, asteburuan bertaratutako guztien kontra aldibereko xake partidak jokatu dituzte.
Mila esker Hondarribiko Udalari beste urte batez bertan parte hartzeko aukera emateagatik eta noski, ekitaldia hain berezia egiten duten parte hartzaileei ere bai, mila esker!