Bazen behin Xake Elkarte bat, “La Salle de Irun” izenekoa… bi argazkien historia

(leer en castellano)

Federico Bergareche Irungo Alkateak Miguel Salas La Salle Klubeko presidenteari garaikurra ematen? ez ba, La Sallek lortutako balentriaren garaikurra Irungo Hiriari emate ekitaldia

Duela denbora bat, gure lagun eta argazkilaria den Matias Guilló Ruizek bere argazki artxiboetan topatutako bi argazki helarazi zizkigun, non,  1973ko ekainaren 25ean Irungo Udalean egindako sari banaketa bat zirudien. Argazki horretan Juan Ignacio “Pibe” Alonso zegoela ikusita, galdetu genion eta bi argazkiei buruz ondorengoa kontatu digu:

Ezkerretik eskuinera: Pibe, Miguel Salas, Federico Bergareche (garai hartan Irungo alkatea, “kanuto” izenez ezaguna), Manolo García, Julián Gómez.

1972 urtean, batetik gehienbat Leontxo García Olasagasti nekaezinaren gogoari esker, eta bestetik Miguel Salas Cortijo Club La Salle Elkarteburuaren lankidetza eskuzabalari esker, irunen xake elkarte bat loratu zen, eta berehala Euskadiko gainerako elkarteen begirunea jasotzen hasi zen. Oso oinarri gaztea zuen, 13-16 urte zituzten kideek (Pibe, Leontxo, JM Alonso, Manolo García, eta geroago Patxi Gallego, eta Jose Mari Lanz), eta Gipuzkoan txapelketa guztiak irabazten hasi zen, bai banakakoak eta bai taldekakoak.

ETA ORAIN ARGAZKIAK

1973 urtea zen, Beasaingo jaiak ziren (maiatz amaieran eta ekain hasieran dira, “Loinazeak”), eta Alfil elkarteak -CAFen laguntza handia jasotzen zuen-  nazioarteko txapelketa antolatzen zuen formatu honekin:

Lau talde (edizio honetan Beasaingo Alfil, Aviléseko Ensidesa, Baiona, eta Irungo La Salle) finalaurrekoan lehiatzen ziren, lau taularekin, ekainaren 2an .-larunbata- eta bi garaileak elkarren aurka jokatzekoak ziren igandean -ekainak 3-. Finalaurrekoa irabaziz gero han geratu behar zen lotan, eta Besaingo jaietan gozatu, antolatzaileek gonbidatuta, hurrengo egunean finala jokatzeko.

Garai hartan izen handiko txapelketa zen. Pasadizo gisa, kontatuko dut gure taldeari (Jose Mari Alonso, Juan Ignacio Alonso, Leontxo eta Manolo GarcíaEmilio Garcíaren semea, Mariano Oterorekin batera dituzuen argazkietan ageri da-) suertatu zitzaion Aviléseko Ensidesaren aurka jokatzea, hain zuzen ere aurreko urteko txapelduna eta Espainiako ipar aldeko talde onenetariko bat zen haren aurka. Asturiarrak ziur zeuden “mutil” talde hari irabazi egingo ziotela, eta Beasainera haien emazteekin eta lagunekin joan ziren asteburua pasatzeko eta txapelketa eskuratzeko asmoz. Baina “mutilak” errebelatu egin ziren eta etxera bidali zituzten, eta ondorioz finala Baionako taldearen aurka jokatu zuten. Beste talde hartatik bi jokalari ditut gogoan (Bocos eta Lafourcadde). Finala ere irabazi genuen, eta hura balentriatzat hartu zen Irunen, alde batetik Miguel Salasek emandako publizitateagatik eta beste batetik oso talde gaztea zelako, kadete adineko gazteek osatua. Horrek eragin zuen Udala interesatu eta alkateak harrera egitea, eta garai hartako prentsak goraipamenak egitea. Ez dut gogoratzen zergatik ez zen Leontxo harreran egon, baina gogoan dut txapelketa jokatu zuela.

Eta amaitzeko, hona hemen garai hartako prentsaren bi zati: bertan azaltzen da udalak taldeari egin zion harrera (1973ko ekainaren 10a)

eta argazkiaren argitalpena (1973ko ekainaren 30a),

laudorioz betetako argazki oin batekin.

Ikusiko duzuenez, ekainaren 10eko kronikan Alonso II eta Alonso III izenekin aipatzen gaituzte; arrazoia zera da, Irungo La Sallen bazegoela beste jokalari bat (Banco de Madrid banketxean egiten zuen lan) José María Alonso izena zuena, eta xake munduan erabaki zutela Alonso I, II eta III izenak ematea. Bestetik, kronika hartan bertan Leontxo aipatzen zen (ez dago argazkian), eta Ormazabal bat ere bai, baina azken hori ez zen bera, Julián Gómez zen, guk “Pototo” deitzen genion hura, eskolako maisua (Benidormera joan zen bizitzera duela 30 urte baino gehiago).

Gure ekerrik beroenak sorpresa iturri amaitezina den Matias Guillóri, eta Piberi, kronika txukun hau egiteko hartutako denbora eta lanagatik. Mila esker bioi!

Utzi iruzkina